BIltzarre

Albisteak

Gernikako Arbola Euskal Herria/Baskoniako ereserkia izendatzeko ekimenaren aurkezpena

2020-08-11

Abuztuaren 12an, asteazkenean, Iparragirren jaiotzaren 200. urteurrenean, goizeko 11:30etan Takonera pasealekuan dagoen Gaiarre monumentuaren aurrean herritar talde batek Gernikako Arbola kantatuko du, Euskal Herria/Baskoniako ereserki gisa izan dadin eskatzeko.

Diotenez Gernikako Arbola euskal askatasunaren aldeko kanta historikoa dugu, gehien zabaldu dena eta gure nazioa ondoen irudikatu duena. Eta gaur egun ez dugunez gure nazio osorako ereserki bat, talde horren iritziz Gernikako Arbola da baldintza gehien betetzen dituena.

Dagoeneko ia 100 kantarik eta  musikarik horren aldeko atxikimendua eman dute eta orain denok eman dezakegu gure atxikimendua hemen: https://gernikako-arbola.eus/manifestua/

Iaz Biltzarrek egin zuen Nazio Ikurren 2. Bilkuran, besteak beste, gai hori landu zen eta hor Jose Mari Espartzak Gontzal Mendibilekin batera landu duen proposamen hau azaldu zuen. Gehienen eritziz proposamen egokia zen.

Hona hemen Manifestua:

 

GERNIKAKO ARBOLA

Euskal Herria/Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua

          Manifestu honen sinatzaileok, euskal musikari, kantari eta kantautoreak, euskal herritarrak guztiak, jabetzen gara sinboloek, tartean direla musika eta abestiak, garrantzi handia dutela herrien talde iruditerian, eta euskal gizarteari hauxe azaldu nahi diogu:

          Herri orok du berau identifikatzen duten hizkuntza, sinbolo eta ohiturak, baita gure herriak ere, hiru unitate politiko-administratibotan banaturik bada ere (Nafarroako Foru Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa), Nabarra/Nafarroan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan elkartua.

Mendetan lortu dugu gure hizkuntzari, gure doinuen sorta, dantza, kirol eta beste hainbat ezaugarriri eustea, eta atxikimendu politikoa eta pentsaera edozein dugula ere, horiek herri gisa identifikatzen gaituzte. Zorionez, lortu dugu administrazio zatikapen guztien gainetik elkartzen gaituen jatorrizko izenari eustea: Euskal Herria euskaraz, antzinako Baskonia. Onartu dugu ere goiburu bat, Zazpiak Bat, Axularrek 1643an jada nabarmendua.

Eta ereserkia? Zein da Euskal Herriaren ereserkia? Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek 1983an aukeratu zuten ofizialki berea: Eusko Abendaren Ereserkia. Era berean, 1986tik, Foru Legearen bitartez, Nafarroako Foru Erkidegoak bere ereserkia du, Gorteen Ereserkia deitua. Ipar Euskal Herriak ez du euskal ereserki ofizialik. Beraz, lurraldeon osotasunak ez du batuko gaituen ereserkirik eta, beraz, inbidia sanoz ikusten ditugu ideologia guztietako gure auzoko frantsesak, galiziarrak edo katalanak elkarrekin Marseillesa, Os Pinos edo Els Segadors kantatzen.  

         Egia da euskarazko abesti batzuk etengabe erabili direla gure gizarte liturgietan, baina haietako batek ere ez du pisu, historia eta hedadura nahikorik herrialde osoa ordezkatzeko. Baskoniak, kantatzen duen herriak, ez du kantatuko dion ereserkirik.

         Aldiz, nahikoa dugu oroimenean pixka bat lardaskatu deskubritzeko badugula ereserki eder bat, 1853tik gaurdaino elkartu gaituena eta, ulertezina bada ere, baztertua: Jose Mari Iparragirreren Gernikako Arbola; aurten ospatzen dugu, hain zuzen, euskal abeslariaren jaiotzaren bigarren mendeurrena.

         Esan dezagun argi eta garbi: lehen aldiz jo zenetik, Gernikako Arbola izan da euskal herritarren ereserkia, eta halaxe idatzi zen literaturan, kantutegietan eta partituretan, mende batetik gora. Izaera ofiziala izan zuen eta, batez ere, herriaren babesa; herri gutxik eskaini diote beren sorterriari ereserki adierazgarriagorik.

         Inork ez du azalpen argirik zortziko hori zergatik hedatu zen horren laster, eta ez bakarrik zazpi lurraldeetan, baizik eta euskal herritarrik zegoen mundu zabaleko bazter guztietan; nola bertso hunkigarri batzuek, sinpletasun ederrekoek, harrotu zuten Euskal Herriaren sentimendu abertzalea, hainbeste non gogotsu kantatu baitzituzten karlista eta liberalek, errepublikazale eta sozialistek, kontserbadore eta iraultzaileek, euskal nazionalista eta nabarristek, euskal abertzale eta espainolistek. Sinestunek erlijio balioak ikusten zituzten bezala, laikoek Askatasunaren ikurrari egiten zioten erreberentzia, frantses iraultzaileen gisa berean. Zer da, bestela, ereserki nazional bat, ez bada herritar guztiak kantatzera zirikatzen dituen hori?

         Ikertzaileen iritziz, gure herrialde zaurituak bere askatasunak galdu izanak eta euskal musika peto-petoa izateak (zortzikoa) eman zioten berehalako arrakasta eta iraupena denboran, baina arrazoia da ereserkiak batez ere Foruak eta Baskoniaren, Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zituela, isolamendurako edozein tentaziotik urrun zegoen batasuna, guztiz bateragarria euskaltasunaren ideia unibertsal eta humanistarekin.

         Ez dago ereserki politikorik hain oparo erregistratuta Euskal Herriko eskualde guztietan, Tuteratik hasi eta Baionaraino. Erriberako paloteado makil dantzetan eta Zuberoako pastoraletan kantatzen zen, erregeen harreretan eta Sanferminetako zezenketetan, antzoki txikietan eta opera handietan. Gure musikari handi guztiek birsortu zuten, eta bertsioak sortu, eta ez dago artxibategi historikorik haren partitura bat ez duenik.

         Merezimendu osoko edozein ereserkik bezala, Gernikako Arbolak bere epika ere badu. Sortu eta bi urtera bakarrik, Iparragirre, gure historiako lehen kantautorea, atxilotu egin zuten, gure lurraldetik kanporatu zuten hura kantatzearren. Ereserkia, ordea, bertan gelditu zen: debekatzen tematzeak hedatu egin zuen, haize askatzaile bihurturik. Donostian, Sanrokadan, kantatzea bizitzarekin ordaindu zuten hiru pertsonak. Nafarroan, foruen aldeko aldarri bihurtu zen Gamazadan. Bere doinuek foruak berrezartzearen aldeko mugimendua hauspotu zuten 1918an; ongi etorria eman zioten Errepublikari; estatutuaren aldeko biltzarren lekuko izan ziren; Galeuzkaren sorrera jantzi zuten; eta lau probintzietako alkateak elkartu zituzten 1934ko mugimendu autonomistan.

Are garrantzitsuago; 1936an, Gernika suntsitu zutenean, foruen herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia (“eman ta zabal zazu / munduan frutua”) demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur izatera pasa zen, totalitarismoen aurrez aurre. 1949an, Ipar Euskal Herrian III. Reicharen gaineko garaipena ospatu zutenean, Gernikako Arbola izan zen ereserki ofiziala Marseillesarekin batera.  

         Laburbilduz, euskal eta nazioarteko ereserki bat da, munduko sinbolo, lurralde guztietan dokumentatua, denboran iraun duen historia eta epikaren jabe eta, ohikoaz oso bestela, oso askotariko ideologietako pertsonak hunkitzeko gai. Ezin zaio biografia hoberik eskatu ereserki bati.

         Heldu da garaia historikoki elkartu gaituen ereserki bat kantatzeko, artean gure Herrialdeko joera politiko guztiak ados jartzen baikaitu gehienean: Gernikako Arbolaren lehendabiziko bertso lerroak.

         Deia zabaldu nahi diogu Euskal Herri osoari, kantatu eta zabal dezan.

 

Gernikako Arbola

da bedeinkatua

euskaldunen artean

guztiz maitatua.

Eman da zabal zazu

munduan frutua

adoratzen zaitugu

Arbola Santua

 

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 abendua hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031     

Azken Albisteak

Euskal Demokrazia Zuzena - La Democracia Directa Vasca
(abajo en castellano) Batzarretatik Nazio Biltzarrara: Euskal Demokrazia Zuzena Euskal Demokrazia Zuzenaz: Batzarreak. 1. Demokrazia Zuzena ‘behetik-gorako’ erabakien sistema da: jendearen iritzietatik eta erabakietatik da erabaki ko...
Bizkaiko Foruaren garrantzia / La importancia del Fuero de Bizkaia
Zergatik ez dakigu ezer euskal zuzenbideari buruz, gure foruei buruz?        (abajo en castellano) Erantzuna nahiko erraza da: agerian uzten digulako gure arbasoek politikoki askoz modu demokratikoagoan antolatzen jakin izan zutela...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan