Albisteak
Albertia Eguna 2019: oroimen historikoa borrokarako tresna
2019-07-01
Albertia Eguna 2019
Aurten ere ate joka dugu ALBERTIA EGUNA. Urtero bezala, uztailaren lehen igandean, hau da, uztailak 7an elkartuko gara Albertia mendiko tontorrean zein Gazteluako hariztian, Landa inguruan.
Albertia Eguna, Ezker Abertzalearen historia gogoratzeko eta errebindikatzeko eguna da, Frankismo garaietan hasi eta hamarkadetan huts egin gabe Euskal Herrian ospatzen den oroimen historikoaren ekitaldi beteranoena hain zuzen.
Aurten, 36ko gerran Legutioko gatazka odoltsu harretako gudari eta miliziano guztiak gogora ekartzearekin batera, EAE-ANVko ORDOKIk zuzendutako GERNIKA BATAILOIA ere omendu nahi dugu bere 80.ren urtemugan.
Lehenengo ekitaldia, 12etan izango da Albertiako tontorrean, hainbat borroka latzen lekukoa izan zen tontor horretan. Bertan Eusko Lurra Fundazioak omenaldia antolatu du ezker abertzaleko gudari haien ohorez. Gero, 13´30etan, ekitaldi politikoa izango da Gazteluako hariztian. Egunean zehar txosna bat egongo da hariztian eta bertan herri bazkaria ere egingo da. Izena eman nahi duenak helbide honetan egin dezake.
Aurten ere jarraitzen dugu “Oroimen Historikoa, borrokarako tresna” dela eta Oroimen Historikoaren izaera kritiko eta erreibindikatiboa aldarrikatzen, historiaren manipulaziorik gabekoa, eta noski, Ezker Abertzalearen gudarien izaera iraultzailea eta ezkertiarra azpimarratuz. EGIA, JUSTIZIA, ERREPARAZIOA, eta ahaztu gabe BERRIRO EZ GERTATZEKO BERMEAK. Azken hau, ez da askotan aipatzen naiz eta izugarrizko garrantzia duen ere.
Uztailaren 7an hau guztia aldarrikatzeko hitzordua dugu Albertian. Aurreko militanteen belaunaldien oroimenarekin eta haien irakaspenez, egungo borrokak bultzatzen jarraitzeko. Bertan ikusiko gara.
Euskal Herria, 2019ko ekainaren 25ean.
euskolurrafundazioa@gmail.com
Utzi zure iruzkina