BIltzarre

Albisteak

Gaurko mobilizazioak

2019-03-08

EITB

Iaz bezala, 2019ko martxoaren 8an ere, emakumeek Euskal Herriko hiri eta herrietako kaleak eta plazak bete dituzte, indarkeria matxista salatzeko eta askatasuna eta eskubide berdintasuna aldarrikatzeko.

Beltzez eta morez jantzita, adin eta esparru ezberdinetako emakumeak bildu dira mobilizazioetan, bizitzak erdigunean jartzeko eta libre eta beldurrik gabe bizi nahi dutela ozen esateko.

Heteropatriarkatu kapitalista ere salatu dute, soldata arrakala eragiteagatik eta emakumeei beren ibilbide profesionala garatzea galarazteagatik.

Musikarekin eta danbor-hotsek lagunduta, abesten, oihuka eta jai-giroan burutu dituzte manifestazioak. Adin guztietako pertsonak izan dira, amonak, amak eta alabak. Denak batera, denak elkarrekin, emakumearen eskubideak aldarrikatzen.  

Lehendabiziko aldiz, 24 orduko greba deitu dute Emakumearen Nazioarteko Egunean Euskal Herrian. Lanuzteak lantokietan eta ikastetxeetan egin dituzte, baina baita etxean ere, zaintza eta etxeko lanak egiteari uko eginda.  

Grebak, batez ere, Hezkuntzan izan du eragina, sektore feminizatuenetako bat baita. Ikastetxeetan lanuztearen jarraipena % 47koa izan da; eta haurreskoletan, % 66,3koa.

Manifestazioak goizean eta arratsaldean egin dituzte, hiri, herri eta auzoetan. Jendetsuenak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean burututakoak izan dira.

"Gora borroka feminista" izan da gehien errepikatu den leloa, baina indarkeria matxistaren eta erasotzaileen kontrako oihuak ere izan dira. Ildo horretan, gizonek hildako emakumeak oroitu dituzte: "Ez gaude denok, eraildakoak falta dira".

Ikur eta mezu anitz izan dira: "Bakarrik ibili nahi dut, argi eta farolarik gabe"; "Bakarrik, mozkortuta, etxera iritsi nahi dut"; "Nik aukeratzen dut zer jantzi eta norekin biluztu"; "Hainbeste kendu digute, azkenean beldurra ere galduko dugula"; "Libre naiz".  

Manifestaziorik handiena Bilbokoa izan da. 50.000 emakume inguru elkartu dira Bizkaiko hiriburuko arratsaldeko mobilizazioan.

0:48

Gasteizen, Iparralde Gizarte etxetik abiatu eta Andra Mari Zuriaren plazan amaitu da manifestazioa, 'Bizitzak erdigunera' goiburupean. Martxaren buruan emakumeek gidatutako hiru traktore joan dira, eta bidean aurrera egin ahala milaka manifestari batu zaizkie.

Besteak beste, borroka feministaren eta pentsio duinen aldeko oihuak izan dira.

1:12

Donostiako manifestazioa ere jendetsua izan da. Kontxako pasealekua eta hiriguneko kale nagusiak zeharkatu dituzte.  

Martxa hasi aurretik, Euskal Herriko Mugimendu Feministako bozeramaileek behin-behineko balorazioa egin dute. Datu zehatzik eman ez badute ere, greba feministak jarraipen handia izan duela eta mobilizazioak izugarriak izan direla azpimarratu dute.

1:16

Iruñeko manifestazioa ere itzela izan da. Martxa 19:15 inguruan hasi da, Golem zinemen ondotik. Aurrean mugimendu feministaren ikur handi eraman dute eta jarraian 'Bizitzak erdigunean' lelodun pankarta. Gaztelu Plaza emakumez gainezka zegoela amaitu dute mobilizazioa.  

1:09

Ipar Euskal Herriko mobilizazio nagusia Baionan egin dute arratsaldean. Ehunka emakumek hiriburuko kale nagusiak zeharkatu dituzte, errespetua, askatasuna eta berdintasuna aldarrikatzeko.

1:18

Sindikatu, alderdi eta erakundeen babesa

Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioek sindikatuen eta talde politikoen babesa izan dute. Hala, ELA, LAB, CCOO edo UGT sindikatuetako ordezkariak eta EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko politikariak izan dira manifestazioetan.  

Halaber, euskal erakundeetan jarduera publikoa murriztu egin dute.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du gizonek ere emakumeen eskubideen alde egin behar dutela eta gaurko eguna horretarako kontzientzia hartzeko baliatu behar dutela.

Bestalde, historian lehendabiziko aldiz, Eusko Legebiltzarrean bertan behera utzi behar dute gaurko saioa, parlamentari nahikorik ez zegoelako; izan ere, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEko emakume legebiltzarkidek grebarekin bat egin dute, tartean Bakartxo Tejeria Parlamentuko presidenteak.

 

Utzi zure iruzkina


Egutegia

aurrekoa 2024 abendua hurrengoa
AlAsAzOgOrLrIg
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031     

Azken Albisteak

Euskal Demokrazia Zuzena - La Democracia Directa Vasca
(abajo en castellano) Batzarretatik Nazio Biltzarrara: Euskal Demokrazia Zuzena Euskal Demokrazia Zuzenaz: Batzarreak. 1. Demokrazia Zuzena ‘behetik-gorako’ erabakien sistema da: jendearen iritzietatik eta erabakietatik da erabaki ko...
Bizkaiko Foruaren garrantzia / La importancia del Fuero de Bizkaia
Zergatik ez dakigu ezer euskal zuzenbideari buruz, gure foruei buruz?        (abajo en castellano) Erantzuna nahiko erraza da: agerian uzten digulako gure arbasoek politikoki askoz modu demokratikoagoan antolatzen jakin izan zutela...

Albiste +

©Biltzarre 2024

Garapena: Bitarlan