Albisteak
Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak!
2021-08-04
Zuzeun artikulu interesgarri hau agertu da. Hemen hasiera baino ez dago. Osorik irakurtzeko Zuzeura jo.
https://zuzeu.eus/euskal-herria/ez-sakabanatu-eskolan-haur-euskalhiztunak/
Ez sakabanatu eskolan haur euskalhiztunak!
Hau sinatzen dugunok euskaraz bizitzeko hautua egin dugun gurasoak gara. Dozenaka kilometrok banatzen gaituzten arren, gauza batek batzen gaitu: geure seme-alabek ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Tamalez, helburu hori lortzeko zailtasun asko aurkitzen ditugu gure herrietan. Izan ere, eremu erdaldunduetan bizi diren 2 eta 14 urte bitarteko haur euskalhiztunek ez dute erraz izaten euskaraz egitea parkean, kalean edota eskolan. Eskolan, hain justu, lehentasunezkoa izan beharko litzateke arnasguneak sortzea eremu erdaldunetako haurrentzat. Horren ordez, baina, ikastetxeetan haur euskalhiztunak sakabanatu eta, ondorioz, erdaldundu egiten dituzte sarritan, dela estrategia okerrari jarraitzen zaiolako edo, makurrago dena, estrategiarik ez dagoelako. Nola liteke euskara indartzeko arnasgunea izan beharko litzatekeen lekua erdalduntze gune bilakatzea?
Gure seme-alabak euskaraz eroso bizitzea xede, beraz, Eskola Publikoko eskoletan eta Ikastolen Elkarteko ikastoletan matrikulatu genituen, zentro horiek euskara sustatzea misiotzat daukaten neurrian gure helburua bermatuta egongo zelako ustean. Baina ikastetxeotan aurkitu dugun egoerak helburu hori betetzen lagundu barik urrundu egiten du. Izan ere, gure seme-alaben jolastordu giroan, eta hein handi baten gela barruan ere, ikaskideek elkarrekin darabilten hizkuntza gaztelera da.
Horren ondorioz, gure seme-alabek euskararen erabilerarekiko uste etsigarriak garatu dituzte, gaztelera ez erabiltzeak ekar diezazkiekeen integrazio arazoen beldurrarekin lotutakoak. Eurok adieraziak dira: “Ni euskaraz nabilen bakarra naizenez, ezberdina ez izatearren, batzuetan erdaraz egin behar dut” edo “Ama, lagunek esan didate ea zergatik ez dudan espainolez hitz egiten? Utziko didazu?”. Hala, gazteleraz hitz egitera edo gazteleraz dabiltzanekin interakziorik ez (edo gutxi) izatera jo dute. Estres linguistikoa pairatzen dute, eta horrek euskararen erabileran ere eragiten die, txarrerako.
Utzi zure iruzkina