Albisteak
Martxoak 8: Aldarri feministak morez jantzi du Euskal Herria
2020-03-08
Martxoak 8ko, Emakumeen Nazioarteko Eguneko, lehen mobilizazioa Baionak hartu du goizean. Hiriburu lapurtarraren lekukoa Iruñeak hartu du ondoren. Gaztelu plazan elkarretaratze feminista egin dute. Aldi berean, martxa feminista abiatu da Donostiako Alderdi Eder Parketik. 13:00ak aldera manifestazio jendetsuena hasi da Bilboko Jesusen Bihotzean, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta.
Hala ere, marea morea ez da bakarrik hiriburuetara mugatu. Besteak beste, Tolosan (Gipuzkoa), martxa batek herriko kaleetan ibilbidea egin du jai giroan. Amurrion (Araba), elkarretaratzea egin dute Udaletxe plazan.
Horrela, milaka emakumek kaleak hartu dituzte beste behin ere, borroka feminista defendatzeko eta "beste gizarte eta ekoizpen eredu" bat aldarrikatzeko, jai giroan, musika, dantza eta hainbat pankartarekin.
Horietako asko beltzez jantzita eta more koloreko arropa, peto edo bereizgarriren batekin, manifestariek kaleak hartu dituzte, borroka feminista mantentzeko, antolakuntza eta indarrak batzea aldarrikatuz.
Era berean, prostituzioaren abolizioa eta matxismoak hildako emakumeak gogora ekartzeko pankartak erakutsi dituzte. Emakumeentzako kale eta gau seguruak eskatu dituzte, baita alderdi faxisten susperraldiaren aurka oihu egin ere.
Utzi zure iruzkina